XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Faidon

Faidor eta Simposion deritzaten elkar-izketak dirdaitsuagoak dira, noski baino noskiago: badu bere kanore ta funtsa Faidon`ek, ordea.

Elkar-izketa onen zaina eta muina gogoaren ezilkortasuna eta emengo bizitzaz aruzkaldeko bizitza dira, ain zuzen, eriotzeari darraikion andiko aldeko betiko bizitza, alegia.

Ziega ilunean daude.

Sokrate, ilteko gaitzetsia, itxoiten dago, ziega-zainak astaperrexila noiz ekarriko.

Bere oe gainean eserita datza, oin-aztalak zintzilik.

Iru ikasle ditu aldamenean: Tzebe, Simia ta Faidon iletsua.

Pakerik dago irakaslea: uste betean etsita baitago, beste bizitza obeagoren baten asiera dala emengo bizitzaren azkena.

Alabaina, uste ori nondik-nora sortu zaion galde egin dezaiotenean, kili-kolo agertzen ditu bere egiabideak.

Ez ote da ilun eta negargarri?.

Aldez, sendo-sendorik sinesten du, aldez, aren agiriak aul eta makalak dira.

Nola elkartu biok?.

Ez ote daude buruz-buru ta mokoz-moko?.

Badugu bertan auzi ederra; ta zoritxarrez, bazterrerazi egin oi da, eskuarki, auzi au.

Egiari, ordea, berea zor baitiogu, dezagun bekoki.

Onetara esan oi da: Sokrate gaixoa, eriotza-orduan, zor etzaion egiaz etsi-etsita baitago.

Ezta besterik aztertzen.

Guk, geuk, are sakonago azter eta ikus dezagun.

Sokrate'ri gertatua maiz gertatzen zaigu guri ere: beraz, onik atera dezakegu.

Arlo ontan bi gauza ditugu bereizgarri: bata, Sokrate'k daukan uste sendoa; bestea, nondik-nora eldu dan uste ortara adierazteko dakarren azalkuntza.

Besterik dira, beraz, auzi biok.

Begiztaldi zorrotzez, asmoz eta iakitez atzeman zuen uste ori.

Zergatik eta zer-nola atzeman zuen uste ori azaltzea besterik da, ordea.

Bi-biok eztira elkarren beteko izaten maiz.

Mendikari baten iduriko oi da sinestuna.